"Landare materialaren hazkuntza kontrolpeko baldintzetan: fitotroia eta berotegia” zerbitzua Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) SGIker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrei atxikita dago, eta haren helburu nagusia ikerkuntza eta beste asmo zientifiko batzuk laguntzea da, unibertsitateko irakaskuntza barne.
Zerbitzuaren helburuak dira, batetik, eskala txikian landareak eskaintzea ikerkuntzan, asmo zientifikoetan eta irakaskuntzan erabiltzeko, eta, bestetik, espezie autoktonoei eustea eta ugaltzea. Zerbitzuaren helburuen artean daude, halaber, lurrekin egindako esperimentazioak eta kromatografia ioniko bidezko anioien, katioien eta azukreen determinazio analitikoa. Horrez gain, zerbitzuak landare espezieen hazkuntzarekin eta kromatografia ionikoarekin zerikusia duten gaiei buruzko aholkularitza zientifiko-teknikoa eskaintzen die unibertsitate komunitateari eta behar hori duten beste erakunde publiko edo pribatu batzuei. Zerbitzuak bi atal desberdin barne hartzen ditu: Hazkuntza Ganberak eta Berotegia Atala, eta Kromatografia Ionikoa Atala.
Fitotroietan eta berotegietan, landareen biologiarekin lotutako jarduerak egin daitezke. Hala, hainbat motatako espezie materialen eta onddoen hazkuntzak zaintzen dira (baita alga hazkuntzak eta lur inkubatzeak ere), hazkuntza baldintza arruntetan, hainbat motatako substratuak erabiliz (hidroponikoa, lurrak, substratuetako hazkuntza, etab.), eta hainbat hazkuntza eta inkubatze baldintzatan. Horrez gain, ingurumen parametroak kontrolatzen dira, bai atmosferikoak (tenperatura, argia, hezetasuna, etab.) bai edafikoak (lurraren hezetasuna, gazitasuna, etab.) bai nutrizio ezaugarriak. Fitotroiei esker, baldintza klimatiko hotz-hotzak (“chilling”), beroak, fotoinhibizioa, lehortea edota aldaketa klimatikoa itxuratu daitezke.
Zerbitzuak katioien (amonioa, sodioa, potasioa, kaltzioa, magnesioa), anioi ez-organikoen (nitratoa, nitritoa, kloruroa, fosfatoa, sulfatoa), azido organikoen (zitratoa, malatoa, glutaratoa, sukzinatoa, malonatoa, tartratoa, maleatoa, a-zetoglutaratoa, fumaratoa, oxalatoa, 3-fosfoglizeratoa, isozitratoa, fosfoenolpirubatoa) eta azukreen (glukosa, galaktosa, arabinosa, fruktosa eta xilosa) determinazio analitikoak eskaintzen ditu, uretan eta landare laginetan. Beste determinazio batzuk behar izanez gero, jarri harremanetan zerbitzuko teknikariarekin.